Etapako helburuak

 Honako hauek dira Balio Sozial eta Zibikoak arloko etapako helburuak:


1. Norberaren nortasuna, ezaugarriak eta esperientziak ezagutu eta finkatzea bere pribatutasun-espazioan, besteen nortasuna errespetatzea eta autoestimua garatzea, nork bere bizitza eta talde-bizitza baikortasunez bizitzeko.


2. Nork bere balio-sistema eratzea, oinarri-oinarrizkoa bada ere, bizitza-proiektua hartan oinarritzeko. Horretarako, arrazionaltasuna, autorregulazio emozionala eta enpatia erabiliko dira, egoerei buruzko iritzi morala autonomia eta objektibotasun nahikoaz emateko.


3. Autonomiaz eta arduraz jokatzea eguneroko bizitzan, talde-harremanetan, ikasgelan, ikastetxean eta ingurune hurbilean, eta komunikazio- eta gizarte-trebetasunak erabiltzea gizartean erlazionatzeko, haren parte izanik.


4. Herritarrak antolatzeko eta gizartean parte hartzeko zer modu dauden jakitea, batez ere Euskal Herrian, erreferentziazko talde hurbilenetan parte hartzea (familian, eskolan, auzoan, herrian), eta norberaren ekarpenak eta besteenak aintzat hartzea, besteekin konpartitu eta elkarlanean aritzeko.


5. Bizikidetza-arauak proposatu, egin eta errespetatzea, eta elkarrizketa eta bitartekotza erabiltzea gatazkak eraldatzeko, guztien artean ingurune atsegin iraunkor bat sortzeko.


6. Generoa, jatorria, etnia, sinesmenak, desberdintasun sozial eta pertsonalak, orientazio afektibo-sexualak edo beste edozein motatakoak direla-eta sortutako gatazkak identifikatu eta aztertzea, giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza bidezkoa eta berdintasunezkoa eragozten duten jarrerak arbuiatzeko.


7. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, Haurren eskubideen Konbentzioak eta Estatuko eta EAEko legeriak jasotako eskubideak eta betebeharrak zein diren jakin, bere gain hartu eta babestea, haien oinarri diren balioak identifikatzea, berdintasunezko jarrera sustatzea, diskriminazioa dakarten estereotipoak, aurreiritziak eta rolak arbuiatzea, eta, bereziki, emakumeei eragiten dietenak, jendearen eta taldeen portaeren balioespen etikoa egiteko irizpidetzat hartzeko.


8. Ingurumenaren egoeraz jabetzea, kontsumo osasuntsua eta arduratsua egiteko jarrera izatea eta ingurune hurbila errespetatu eta zaintzea (gainerakoak zaindu eta errespetatzea barne, bide-hezkuntzaren bidez), hura kudeatzen arduraz parte hartzeko.

Comentarios